birus
Birusak mikrobioak dira. Organismo oso txikiak dira, zelulak infektatzen dituzte eta, askotan, gaixotasun infekziosoak eragiten dituzte, adibidez, barizela, gripea eta COVID-19a. Beste birus batzuk, aldiz, onuragarriak izan daitezke, babestu egiten gaituzte eta. 5.000 birus mota baino gehiago ezagutzen dira. Birusak familiatan multzokatzen dira, adibidez, koronabirusak.
Birusak ez dira koloretsuak, nahiz eta guk hala ikusten ditugun, tindatu egiten baitira, mikroskopioan hobeto ikusteko. Birusek mota askotako formak izaten dituzte. Zientzialariek uste dute birusak biziaren mugan daudela. Izan ere, ezin dira beren kabuz ugaldu edo mugitu; ezinbestekoa dute zelula bizi batean sartzea ugaldu ahal izateko.
Birusak ez dira bakterioak; horiek beste mota bateko mikrobioak dira. Birusak ehun aldiz txikiagoak dira bakterio normalak baino, eta desberdintasun nagusia da bakterioak zelula batez osatuta daudela eta birusak, berriz, zelula baten barruan bizi direla.
birus
Birusak zelulak kutsatzen dituzten mikrobioak edo mikroorganismoak dira. Zenbait birusek gaixotasun infekziosoak eragiten dituzte, adibidez, hiesa, gripea edo COVID-19a. Beste birus batzuk, ordea, onuragarriak dira eta babestu egiten gaituzte, esate baterako, bakterioetatik. 5.000 birus mota baino gehiago ezagutzen dira. Birusak familiatan multzokatzen dira, adibidez, koronabirusak.
Ugaldu ahal izateko, zelula bizi bat bahitu behar dute; zelula horri zelula ostalari esaten zaio. Antibiotikoek ez dute eraginik gaixotasun infekziosoak eragiten dituzten birusetan, baina zenbait botika antibiral garatu dira hainbat gaixotasun infekzioso tratatzeko; eta, batez ere, txertoak sortu dira zenbait birusi aurre egiteko, adibidez, barizelaren edo COVID-19aren aurkako txertoak.
Birusak ez dira bakterioak. Bakterioak zelula bakarraz osatuta daude (organismo zelulabakarrak); birusak, aldiz, askoz txikiagoak dira, eta azelularrak dira (hau da, ez dira zelulak), baina zelula baten barruan bizi dira, bizirauteko.
