minbizi

izena

Minbizia gaixotasun larria da, gorputzeko zenbait zelula bikoiztu, eraldatu eta gaizto bihurtzen direnean sortzen dena. Minbizia mota askotakoa izan daiteke: bularreko minbizia, larruazaleko minbizia, hezurretako minbizia, birikako minbizia eta abar. Minbizia sendatzeko, baliteke tratamendu bat baino gehiago egin behar izatea. Esate baterako, batzuetan ebakuntza egin behar izaten dizute, beste batzuetan erradiazio bidezko tratamendu bat, erradioterapia izenekoa, eta beste batzuetan botika kimiko bidezko tratamendua, kimioterapia deritzona; azken horrek ilea erortzea eragiten du askotan.

Tratamenduei esker minbizi asko sendatzen dira. Minbizi hitzak beldurra ematen du, baina minbizia duten pertsona guztiek ez dute gaixotasun sendaezina pairatzen. Hala ere, batzuetan badira sendatu ezin diren minbiziak, oraindik ez delako haien aurkako tratamendurik aurkitu; hortaz, ikertzen jarraitu behar da.

Minbizia ez da gaixotasun kutsakorra.