meningitis

izena

Meningitisa da garuna eta bizkarrezur-muina inguratzen dituzten mintzen hantura, hau da, meningeena. Meningitisa birus batek eragindakoa izan daiteke, eta, hala bada, ondorio arinak izaten ditu; baina bakterio batek eragindakoa ere izan daiteke, eta, hala bada, gaixotasun oso larria da eta ondorio garrantzitsuak izaten ditu, eta heriotza ere eragin dezake. Oro har, meningitisaren hasieran buruko mina, sukarra, lepoko zurruntasuna eta logura izaten dira, eta hori, besteak beste, gripearekin, hotzeriarekin edo beherakoarekin nahastu daiteke. Orban gorriak edo moreak agertzen badira eta zanpatuta ere desagertzen ez badira, ospitale batera joan behar da lehenbailehen.

Meningitisak biztanleria osoari eragin diezaioke; baina, batez ere, 5 urtetik beherako haurrei eta 15 eta 24 urte arteko gazteei eragiten die. Gaur egun, txertoak dira defentsarik onena, nahiz eta ezin dieten meningitis mota guztiei aurrea hartu.

Hitz hau antzinako grezierako mening- ‘mintz’ eta -itis ‘hantura’ elkartuta eratu da.