Medikuntzako lehenengo hiztegi irudiduna liburu bat da, eta haren helburua da haurrek osasunari eta gaixotasunei buruz hitz egiten dutenean entzuten eta erabiltzen dituzten hitzen esanahia eta erabilera azaltzea. Hiztegi hau sei urtetik hamabira bitarteko haurrentzat da.

Hiztegia egiten parte hartu dute Lehen Hezkuntzako bigarren, hirugarren eta laugarren mailako 1.200 ikaslek, eta haurrentzako gaztelaniazko lehenengo medikuntza-hiztegia da.

1 | Zer da hiztegi bat eta nola irakurtzen da?

Hiztegi bat kontsultarako liburu bat da, eta han azaltzen da hitzen esanahia, hitzak nola idazten diren eta nola erabiltzen diren. Medikuntza-hiztegi honetan, osasunari buruz hitz egitean medikuek, beste osasun-profesional batzuek eta haurrek erabiltzen dituzten hitzak daude.

2 | Zer du hiztegi honek?

Hiztegi honek osasunari buruz hitz egiteko balio duten hitzak ditu, alfabeto-hurrenkeran, haiei dagozkien azalpenak marrazkiekin, zenbait hitz nola eratu diren ulertzeko azalpenak, hiztegiko hitzen arteko loturak edo erabiltzen ditugun testuinguruari buruzko informazioa. Atlas bat ere badu, giza gorputzari buruzko 8 irudirekin, eta han beste termino batzuk azaltzen dira; jarduera interaktiboak ere baditu, hiztegia modu dibertigarrian araka dezazun.

3 | Zer motatako hitzak aurkituko dituzu?

Lehenengo medikuntza-hiztegi honek osasun-arloko adituek (medikuek, erizainek, fonoaudiologoek, dentistek eta abarrek) esanahi jakin batekin erabiltzen dituzten hitz nagusiak jasotzen ditu. Zuk eta beste haur askok hitz horietako asko (alergia, anbulantzia, txantxar, txerto, jarabe eta abar) entzun eta erabili dituzue, eta litekeena da haietakoren bati buruz dagoeneko asko jakitea, baina ez guztiei buruz.

Ziurrenik, izango dira inoiz entzun ez dituzun hitzak edo zer esan nahi duten ez dakizun hitzak ere (anorexia, asma, autismo, minbizi, ekografia, gaixotasun arraro, penizilina, pneumonia, Down-en sindrome, traumatismo, barizela, birus). Hiztegi honek modu erraz eta ulergarrian azaldu nahi dizkizu.

4 | Zer informazio du hitz bakoitzak?

Sarrera
(medikuntza terminoa)

Hitzaren generoa

Azalpena

Azalpenekin audioa

Laguntzeko marrazkiak.
terminoa ulertzeko.

Marrazkia egin duen haurraren izenarekin.

Joan aurreko hitzera

Joan hurrengo hitzera

Nabigazio aukerak
hiztegiaren arabera.

Indizea, ausazko hitza eta bilaketa

Hitz bakoitzean, esanahiari buruzko azalpena (zer den, nolakoa den, zertarako erabiltzen den, nork erabiltzen duen eta abar) ematen zaizu, baita haur batek egindako marrazki bat ere, hitz bakoitzaren esanahia argiago ulertzen laguntzeko. Zenbait kasutan, bestelako informazioak ere ematen dira, jakiteko zer komunikazio-egoeratan erabiltzen dugun termino bat (adibidez, lipotimiari buruz, “Herri-hizkeran, zorabio erabiltzen dugu” esaten da, edo, eztarriko minari buruz, “Eztarriko mina infekzio batek eragiten duenean, medikuek amigdalitis hitza erabiltzen dute; amigdalitis termino espezializatua da”) edo nondik datorren hitz bat (esate baterako, otitisari buruz, hala esaten da: “Antzinako grezierako ot-belarria’ eta -itis ‘hantura’ elkartuta eratzen da”). Beste batzuetan, helburua da errealitate jakin batzuei buruz izan ditzakegun eta benetakoak ez diren ideiak desegitea (adibidez, Down-en sindromean ohartarazten da ez dela gaixotasun bat, edo gainpisua eta obesitatea ez direla nahastu behar).

Hitz bat modu batean baino gehiagotan esan badaiteke, denak jasotzen dira, eta azaltzen da zer kasutan erabiltzen den haietako bakoitza; adibidez, ubeldura eta hematoma edo zefalea eta buruko mina. Esanahiari buruzko azalpena hitz batean bakarrik ematen da; hitz hori medikuek erabiltzen duten hitza izaten da, eta gainerako hitzetan termino horretara bideratzen da (adibidez, “buruko min” sarreran, “Ikus zefalea” jartzen du).

Azalpen guztietan urdin ilunez markatzen dira hiztegiko beste lekuren batean ere azalduta dauden hitzak, eta lilaz, atlaseko marrazkiren batean daudenak.

Kolore-kodea

hiztegia

atlasa

jarduerak

lexcovid

5 | Nola egin dugu?

Hiztegi hau lankidetzan egin da, ezagutza partekatu eta metatu bat abiapuntu hartuta. Hiru ikasturtetan, 8 ikastetxetako 1.200 haur lanean aritu dira, 200 hitz inguru azaltzen eta marrazten. Lehen hezkuntzako bigarren, hirugarren eta laugarren mailako haur horiek lexikografo txiki-handi bihurtu dira (hiztegiak egiten dituzten pertsonak dira lexikografoak). Material hau guztia 12 unibertsitate-ikasleko talde batek digitalizatu eta prozesatu du. Hizkuntzaren, didaktikaren eta medikuntzaren arloko hainbat adituk haurren azalpenak deseraiki dituzte lehenik, eta berreraiki egin dituzte gero. Hitzei buruz ematen zaizkizun azalpenak eta informazioak lexikografo txiki-handi horiek guztiek emandako ezagutza oinarri hartuta aukeratu eta landu dira. Hala, haietako inork ez du idatzi hiztegiko definiziorik, baina haiek eman dituzten informazio guztiak bilduta osatu dira hiztegiko hitzen azalpenak. Sekretu bat: batzuetan, haurrek eman ez duten informazioren bat erantsi dugu, errealitate bat hobeto ulertzeko lagungarri izango zitzaizula pentsatu dugulako.

Aditu horiek hizkuntza ulergarri batean landu dituzte definizioak, eta, askotan, ikasleek haurren definizioetan erabili dituzten hitzak erabili dituzte. Gainera, definizioetan erabiltzen diren medikuntzako hitz espezializatu guztiak ere azalduta daude hiztegian, edo atlasean adierazita; batzuetan, hitz baten esanahia definizioaren barruan eman da (adibidez, farmazia hitzaren barruan parafarmazia ere definitu da). Adituek zuri zuzendutako esaldiak dituen definizio-eredu bat erabili dute. Batzuetan informazioa gehitu dute ikasleen azalpenetan hauteman dituzten gaizki-ulertuak saihesteko, eta, hala, kasu askotan, informazio osagarriak helburu didaktikoa du. Definizio bakoitzarentzat, adituek marrazki bat edo bi aukeratu dituzte.

Gainera, Annexa Joan Puigbert ikastetxeko seigarren mailako Naia Oliver ikasleari eskatu genion giza gorputzaren atlaserako marrazkiak eta botika-kutxa batenak egin zitzala, medikuntzari buruzko oinarrizko terminoak modu bisualean osatu ahal izateko.

Orokorrean, uste dugu hiztegi original bat eskaintzen dizugula; izan ere, Lehen Hezkuntzako haurren beharretara egokitua dago, 8-10 urteko haurren ezagutza oinarri hartuta egin da, eta, gainera, gai batean espezializatutako eskola-hiztegi bat da.

6 | Ohar garrantzitsua

Hiztegiaren barruan, katalanez, gaztelaniaz eta galizieraz maskulino generikoa erabili da bai maskulinoa bai femeninoa —biak aldi berean— adierazteko. Hautu horren atzean ez dago diskriminazio sexistarako asmorik; aitzitik, helburua da eraginkortasunez eta zehaztasunez erabiltzea gaztelaniaren eta hizkuntza erromaniko gehienen —katalana, frantsesa, italiera…— berezko ezaugarriak. Beraz, gaztelaniaz esaten dugunean, adibidez, médico, mediku guztiak adierazi nahi ditugu, emakumezkoak eta gizonezkoak. Edo enfermeros esaten dugunean, erizain guztiez ari gara, emakumezkoez eta gizonezkoez. Era berean, niños esaten dugunean, neska eta mutil guztiak adierazi nahi ditugu, noski. Dena den, euskaraz eta ingelesez ez da halako bereizketarik egiten.

7 | Nork egin du?

Hiztegi bat talde baten lana da!

Parte hartu duten guztien laguntza eskertu nahi dugu. Lehenik, mila esker lan honen egile nagusiei: Annexa-Joan Puigbert (Girona), Escaladei (Cerdanyola del Valles), Oriol Martorell (Bartzelona), Sant Jordi (Pineda de Mar), Sant Nicolau (Sabadell), Santiago Ratés (Vilajuíga), Vallmanya (Sant Esteve de Palautordera) eta Vedruna Immaculada (Bartzelona) ikastetxeetako bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleak, eta 2015-2018 artean proiektu lexikografiko aitzindari honetan haiei lanean irmotasunez eta profesionaltasunez lagundu dieten irakasleak.

Gironako Medikuen Elkargo Ofizialari, eta, bereziki, gaur egun Elkargoko presidente den Vilaplana doktoreari; hasieratik sinetsi zuen proiektuan, eta hiztegiaren jatorriko bertsioa katalanez argitaratzea erraztu du. Baita Elkargoko pediatrei ere: Lluís Mayó, José Manuel Sin eta Pilar Vicente. Esperientziatik, mediku-begiradarekin aztertu dute informazioa, eta ekarpen garrantzitsuak egin dituzte hiztegiaren kalitatea eta egiazkotasun kognitiboa bermatzeko.

Buenos Airesko Hospital Italiano ospitaleari; aintzat hartu zuen lanaren originaltasuna, hiztegia gaztelaniaz argitaratzearen alde egin zuen, eta, beste behin ere, erakutsi zuen etorkizuneko berrikuntzaren alde egiten duen erakundea dela. Bereziki, Daniel Luna doktoreari, bere lan ekintzaile eta adoretsuak bidea erraztu baitzigun, eta Esteban Rubinstein doktoreari; Del hospital edicionesen zuzendaria da, proiektuarekiko gogo bizia adierazi zuen, hura argitaratzearen alde egin zuen eta hiztegiaren edizioan eta egokitzapenean lagundu zuen. Baita Mariana Rossiri ere, argitaratze-lanak hain modu eraginkorrean kudeatzeagatik, eta Graciela Degrafi, egin dituen kudeaketa-lan garrantzitsuengatik.

Nire eskerrik beroenak M. Teresa Cabréri; haren maisutasunak eraman ninduen bere Terminologiaren Komunikazio Teorian proposatzen zuen Egokitze Printzipioa errespetatzeko gai izango zen lan bat planteatzera eskola-lexikografia espezializatuan. Hori erronka metodologiko garrantzitsua izan zen Mi primer diccionario de ciencia lana sortzeko, baita Primer diccionario de medicina ilustrado lana egiteko ere.

Hizkuntzalari adituen taldea honako kide hauek osatu dute:

Mariona Arnau, Aida Celemín, Nuria Clapés, Julia Flores, Laura Llort, Marina Maimó, Lidia Ramos, Marta Roviralta, Carla Solé, Claudia Tarrago, Yingfeng Xu, ikasleak eta proiektuko kolaboratzaile aktiboak. Eskerrak eman nahi dizkiet definizioak aukeratzen, automatizatzen eta idazten jarri duten interesagatik. Hasiberriak ziren ikerketaren esparruan, eta trebetasun eta bizitasun handiz egin dute.

Mila esker Jorge M. Porras-Garzóni eta Laia Vidal-Sabanési, gogo biziz hartu baitute parte automatizazio-taldea dinamizatzen, datuak prozesatu dituzte, baita definizioak egin ere. Haiek izan dira proiektuaren eragile nagusietako batzuk.

Silvia Llachi eta Silvia Grisóri, definizioen hizkuntza-berrikuspena egin baitute, begirada kritiko eta adituarekin. Ona Doménechi, material guztien azken irakurketan parte hartu baitu eta zentzuzko aholkuak eman baititu. Hartu ditugun erabakietako batzuetan, haren gomendio burutsuei jarraitu diegu.

Azkenik, berez lehena izan behar lukeen arren, hark eman baitzidan proiektu honi ekiteko indarra Mi primer diccionario de ciencia lanaren ostean, eskerrak eman nahi dizkiot nire alaba Sarari, beste hiztegi bat, berak parte lezakeen hiztegi bat egin genezala eskatzen izan duen iraunkortasunagatik, alaitasunagatik eta ilusioagatik: «Ama, hiztegi bat egin behar duzu nire gelakide guztiok parte hartzeko aukera izan dezagun, baina honek berdea izan behar du!».

Rosa Estopà
Girona, 2019ko apirila

hiztegia

Hiztegiaren corpus lexikografikoa, alfabetoaren hurrenkeran.

atlasa

Giza gorputzari buruzko irudiak eta osasunarekin eta medikuntzarekin erlazionatutako beste eduki batzuk.

jarduerak

Jolas interaktiboak, hiztegiaren edukira modu dibertigarrian hurbiltzeko.

covid-19

COVID-19a gaixotasun infekzioso bat da, oso kutsakorra, eta birus batek eragiten du; zehazki, SARS-COV-2 izeneko koronabirus batek.